Orain dela zazpi urte, babarrun-jate batean, Brinkok
sudur gorri bat jarri eta “pailazo talde bat egingo dugu” esan
zuen. Enbido hari Xaltok ordagoa bota eta, bion artean,
Korri sartu zuten saltsa honetan.
Korri, Xalto ta Brinko, pailazo lanetan
hasiberria zen hirukoteak haur eta gazteen aisialdiko heziketan urte luze
eta mamitsuetan hartutako esperientzia guzia jarri zuen egitasmo berri honetan.
Euskara tresna nagusi bezala hartuz , Lezoko pertsonajeak eta istorioak
zabaltzeko asmoz lanean hasi ziren.
TRAPUJALE obra izan zen, hain zuzen, sortu
zuten lehena. Bertan Trapujalebera, Marinazkane, Zirikuak eta Lezoko inauteri
bitxia herriko haurren artean gehiago ezagutzera emateko asmoz; HERRIKO
OLINPIADETAN saioan Lezon urte batzuetan hain arrakastatsu izan
ziren herri olinpiadak gogoratu zituzten; eta ZABARRE,
pirata lezoarrarekin abenturatxo bat eskaini ziguten.
Zazpi urte hauetan hainbat ikuskizun eta saio eskaini dituzte
Euskal Herriko hainbat lekutan, beti euskaraz. Aipatutakoez gain “Show
berria prestatzen”, “Artista bat naiz ni”
eta “Kantari”. Azken honetan beren diskoaren
aurkezpen “mundiala” egiten dute.
Ipuingintza ere jorratu dute eta, aspektu honetan, aipatzekoa
da duela lau urte abian jarri zuten Ixerka! Ipuin Bilduma.
Bilduma honen helburua, pailazoak protagonista izanik, haurrei herriko eta
bere inguruko pertsonaje, leku eta istorioen berri ematea da. Umeen imajinarioa
gertuko elementuekin hornitzeaz gain, gure lagunak jarrera eta balore positibo
eta eraikitzaile batzuen adierazgarri ditugu.
Korri, Xalto ta Brinko –izenak adierazten duen bezala-
mugimendu haundiko taldea da eta beti joaten da deitzen dioten lekura. Ahal
dutenean, hirurak, sarri bi eta ia inork ezin duenean… Xalto joaten
da taldeko ordezkari gisa joan behar den lekura!
Sormena da, ziurrenik, taldearen ezaugarririk bereziena,
horregatik edozein festa edo jaialdi antolatu aurretik, denboraz deitu eta
ikuskizuna egoerara moldatzen dute sarri.