KORRI, XALTO ta BRINKO eta JUANA JOXEPA TRONPETA
Juana Joxepa Tronpetak munduan zehar jarraitzen du bidaiatzen. Aurten ere, ikasi dituen jolas berriak Euskal Herriko haur guztiei erakusteko asmoarekin dugu.
Nekea ezagutzen ez duen abentura zalea dugu Juana Joxepa Tronpeta, jolasak lantzeko programa honen protagonista. Gipuzkoako Urtxintxa eskolak 2002. urtean sortutako jolas dinamizazio bati buruz ari gara hain zuzen ere. Programa honekin lantzen diren helburu nagusiak antzinako euskal jolasak ikasi eta kalean egin daitezkeen euskarazko jolas berriak ikastea dira, beti ere, euskarazko jolasak landuz euskararen normalizaziorako bidean aurrera pausu bat emateko asmoz. Iaz adibidez, Irun, Hondarribi, Orio, Andoain, Urnieta eta Beasaingo haurrek izan zuten programan parte hartzeko aukera.
Juana Joxepa Tronpetari bizikleta gainean bidaiatzea asko gustatzen zaio eta baita jolastea ere, horregatik konpontzen da hain ondo haurrekin. Ikastetxe askotan oso ezaguna da gure laguna, txoko guztietatik deitzen diote, izan ere, milaka jolas ezagutzen ditu eta haurrekin jolastea oso gustuko du. Hala ere, ia beti munduan zehar bidaiatzen ibiltzen denez ez du berak nahi haina denbora haurrekin egoteko eta horregatik bere iloba da ikastetxeetara joaten dena.
Hamar astez luzatzen den programa da aurkezten dizuegun hau, astean behin eta ordu erdi inguruz Juana Joxepa Tronpetaren ilobak jolas desberdinak lantzen ditu haurrekin. Jolasak lantzeaz gain Juana Joxepa Tronpetaren berri ematen die haurrei, honek bidaltzen dituen gutunen bidez. Izan ere, bere bizikletaren gainean bidaiatzen duen bitartean, astero astero, haurrei gutun bat bidaltzen die bizitzen dituen abenturen berri ematen. Jolas mota desberdinak ikasten dituzte programan parte hartzen duten haurrek, beraiek ondoren beraien kabuz egiteko modukoak beti ere.
Azken egunean, haurren ez usteko eta gozamenerako Juana Joxepa Tronpeta agertzen da bere lagun Korri, Xalto ta Brinkoren eskutik, haurrek aurrez aurre bera ezagutzeko aukera izaten dutelarik.
|